XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hormetan, Ararat, Suphan Dagi, Bûyuk Agri Dagi eta beste hainbat mendi handiren argazkiak ageri dira.

Atzerritarrak motxilak bizkarrean hartura, Parachut edo beste gidariren baten gibeletik Kurdistango mendi garaietarako bidean.

Baina hori jadanik aspaldiko kontua da, ur errea.

Tristura eta malenkonia darie Parachuten begiei honen guztiaren berri ematen digun bitartean.

- Duela lau urtera arte mendi gidari ginen; hori zen gure bizi iturri; duela lau urte, ordea, arratsalde batez, militarrek modu zakarrean atea jo eta arrastaka zekarten Gidari Elkarteko buru zenaren hilotza etxaurrean utzita alde egin zuten.

Mezua garbia izan zen.

Ordutik aitzinera, Ararat haiena izango zen.

Geroztik, debekatuta dago bai Araratera, bai beste edozein menditara igotzea.

- Zein da zuen ogibidea orain? galdegin diot.

- Ahal dugunean aritzen gara, han-hemenka lardaskan.

Gainera, gure ogibideaz gain, gure zaletasuna ere ebatsi ziguten.

Ezin dugu mendira joan, zoko-moko guztiak militarrez beteta baitaude.

Tristuraz eta malkoak begi ertzetan dituela kontatu digu Parachutek errealitate mingotsa.

Gidarien bulegoari hezetasun eta tristura usaina dario.

Dogubayaziteko gaztelua, mendi kaskoan zaindari, elur maluta eta haize bortitzaren erdian, historia aberatsaz mintzo da, baina orainak aztarna tristea utzi du bere oinetan: bakardadea, isolamendua, debekua, suntsipena...

Gau osoan egin du elurra, eta haize zoroak, kale seinale, teilatu, lorontzi, antena eta gainerako guztiak astindu ditu.

Gaur urrunetik ikusi dugu eguzki printzaz argituriko gaztelu bakartia.

Furgonetako atzeko kristaletik ozta-ozta agur esan diogu Parachuti.

Tentsio eta urduritasuna lasaitzeko atsegina izan da Parachut ezagutzea, baina ezin dugu hemen gelditu, debekatuta dago.

Bera ere agurtu egin behar.